Salgai daude EGOk eguberrietako urteroko biran eskainiko dituen kontzertuetarako sarrerak
Iker Sánchez taldeko kide ohiak gidatuko du oraingoan EGO, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Tolosa zeharkatuko dituen biran.
- Mendelssohnen, Arriagaren eta Beethovenen lan handiak bilduko ditu programak, eta Lorea López soprano donostiar gazteak ere parte hartuko du.
- Bira hau EGOk 2027an ospatuko duen 30. urteurrenaren sarrera modukoa izango da. Ospakizun horien artean, besteak beste, nazioarteko bira egingo du, eta gazteen taldea, lehen aldiz, Europako hainbat hiritan izango da.
Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) 2026. urteari agur esan eta 2027ari ongietorria emango dio Gabonetako kontzertu-bira tradizionalarekin. Taldeak lau emanaldi eskainiko ditu Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Tolosan, besteak beste Mendelssohn, Arriaga eta Beethoven konpositoreen obra handiak biltzen dituen programarekin.
Kontzertuak Iker Sánchezek zuzenduko ditu. EGOren bigarren promozioan parte hartu zuen, eta oraingo honetan zuzendari gonbidatu gisa itzuliko da. Lorea López soprano gazteak ere parte hartuko du programan. Hain zuzen ere, programa horrek musikaren historian ezinbestekoak diren hiru konpositoreren inguruan ibilbidea egitera gonbidatuko gaitu.
Oroitzapenezko programa, Arriaga protagonista dela
Kontzertua Felix Mendelssohnen Hebridak, op. 26 obrak irekiko du. Konpositoreak Eskoziara egindako bidaian eta Fingal haitzuloak eragin zion zirraran inspiratuta dago obertura. Itsasoaren indarra eta Eskoziako paisaiaren handitasuna irudikatzen ditu. Mendelssohnen sentsibilitate erromantikoaren eta natura musikaren lengoaiara eramateko gaitasunaren adierazgarri da obra hau.
Ondoren, EGOk Juan Crisóstomo Arriagaren Herminie interpretatuko du, haren heriotzaren bigarren mendeurrenaren ospakizunen barruan. Obra horrek konpositorearen adierazkortasun-unibertsora hurbiltzeko aukera emango digu. Haren musika idazkeraren heldutasunagatik, melodia-dotoretasunagatik eta sentsibilitate dramatikoagatik nabarmentzen da. Haren ibilbide oparoa goiz eten zen, 19 urte besterik ez zituela hil baitzen. Obra honen zati bokala Lorea López sopranoak interpretatuko du.
Ludwig van Beethovenen Laugarren Sinfoniak amaiera bikaina emango dio programari. Interpretazioa bereziki esanguratsua den urtean kokatzen da, 2027an konpositorearen heriotzaren bigarren mendeurrena ospatuko baita. Konposizio argitsua, asmamen eta energiaz betea, Beethovenen alde bereziki distiratsu eta dinamikoa erakusten duena eta oreka klasikoa eta nortasun musikal nahastezina uztartzen dituena.
Iker Sánchez maisuaren hitzetan, “interpretatu beharreko errepertorioaren alderdi tekniko eta estilistikoetatik harago, topaketa honek funtsezko zerbait bizitzeko aukera ematea gustatuko litzaidake: ulertzea orkestra bateko kide izatea ez dela partitura behar bezala interpretatzea soilik, baizik eta besteei entzuten, erreakzionatzen, gainerakoekin batera arnasa hartzen eta ideia musikal partekatua eraikitzen ikastea ere badela. Nire helburua da ausartzea esploratzera, galderak egitera eta taldearen barruan norberaren ahotsa aurkitzera. Azken finean, gazte-orkestra batek aurkikuntzarako, arriskatzeko eta hazkunde artistikorako espazioa ere izan behar du”.
Lau eguneko prestakuntza Musikenen
Bira hasi aurretik, taldeko musikari gazteek, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritakoek, entseguak egingo dituzte Musikenen, abenduaren 26tik 29ra, aipatutako programa prestatzeko. Egun horietan, gogor lan egingo dute ospe handiko orkestra-taldeetako irakasle espezializatuen gidaritzapean, besteak beste, Euskadiko Orkestrako eta Bilbao Orkestra Sinfonikoko irakasleen laguntzarekin.
Lan intentsiboko aldi hori EGOren proiektuaren funtsezko zatia da, musikari gazteei aukera ematen baitie beren musika- eta orkestra-prestakuntza esperientzia horren bidez garatzeko, orkestran esperientzia profesional handia duten irakasleen gainbegiratze eta laguntzarekin.
EGOri buruz
Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) Euskal Herriko musikari gazteen musika- eta orkestra-prestakuntza hobetzera eta haien garapen profesionala sustatzera bideratutako proiektu estrategikoa da. Horretarako, prestakuntza-topaketak antolatzen dituzte eta horiei amaiera emateko, kontzertuak eskaini. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatzen du, eta hasiera-hasieratik BBK, KUTXA eta VITAL fundazioen babesa izan du.
Rubén Gimeno da Euskal Herriko Gazte Orkestraren zuzendari artistikoa 2020az geroztik.